Ongi etorria Euskal Unibertsitate Sistemaren ikerketa taldeentzako laguntzen deialdirako web gunera.
Webgune honen bidez 2010-2015 arteko Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikerketa taldeen eskaerak kudeatzen dira.
Galderak eta erantzunak
Zer da ikerketa-taldeak 2010-2015?
Ikerketa-taldeak.net da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskal Unibertsitate Sistemaren ikerketa taldeentzako laguntzen deialdia kudeatzeko sortutako web-gunea. Euskal Unibertsitateen Sistema Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak osatzen dute. Web-gune hau ez da, ordea, ikerketa-taldeak.net 2007-2012 haren berdin-berdina.
Zertan datza laguntzen deialdia?
Deialdi honen xedea Euskal Unibertsitate Sistemaren ikerketa-talde nagusiei laguntzak eman eta oinarrizko finantzazioa bermatzea da, 2010-2015 artean ikerketa-programa bat garatu dezaten.
Nork eskuratu ditzake?
Aipatutako hiru unibertsitateetako ikerketa-taldeek, baldin eta deialdiaren 4. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte. Eskabidea ikertzaile nagusiak egin behar du, eta taldeko kide guztiek adierazi behar dute, beren sinaduraren bitartez, eskaera horretan parte hartzea onartzen dutela.
Zein da eskabideak aurkezteko epea?
Eskabideak 2009ko abenduaren 5a baino lehen helarazi beharko dizkiote Errektoreordetzek Eusko Jaurlaritzaren Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Unibertsitate bakoitzak ezarriko ditu ikertzaile nagusiek eskaera-inprimaki sinatuak Errektoreordetzari emateko epe-mugak.
Nola eskatzen da laguntza?
Unibertsitate horietako ikertzaile nagusiek izena eman behar dute www.ikerketa-taldeak.net web-gunean.
2007ko deialdian eskaera egin zutenek une hartan aurkeztutako informazioa berreskuratzeko aukera daukate, baina informazio hura aplikazio berriaren atalen zati bat besterik ez da.
Eskatutako informazioa oso-osorik bete behar da.
Eskaera helarazteko “bidali” botoiari sakatu behar zaio.
Ondoren, une horretan sortzen den laburpen-inprimakia inprimatu eta ikerketa-taldeko kide guztiek sinatu behar dute.
Sinatutako inprimakia dagokion Unibertsitateko Ikerketa Errektoreordetzari eman behar zaio.
Errektoreordetzak eskaera baliozkotzat joko du, hala badagokio, eta 2009ko abenduaren 5a baino lehen helarazi beharko dio Eusko Jaurlaritzari.
Nor izan daiteke ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia?
Ikertzaile-nagusiak irakasle doktorea izan beharko du; lanaldi osoz (edo horren kidekoa) jardungo du, eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duten unibertsitateren batekin izan beharko du kontratua.
Nor izan daiteke ikerketa-talde bateko kide?
Egoitza EAEn duten unibertsitateren batekin kontratu-harremana duten irakasle edo ikertzaileak, edota Ikerbasque Fundazioaren bitartez kontratatu diren eta egoitza EAEn duten unibertsitateren batean lan egiten duten irakasle bisitariak eta ikertzaileak. Osakidetzaren sare publikoko ospitaleetako ikertzaileei dagokionez, ikerketa-taldeetan parte hartzeko baldintzak egoitza EAEn daukaten unibertsitateen eta ospitale horien arteko hitzarmenetan jasotakoak izango dira.
Doktoregaiak ikerketa-talde bateko kide izan daitezke?
Bai, baldin eta egoitza EAEn daukaten unibertsitateren batekin kontratu-harremana badute, eta doktore ez diren kideen kopuruak talde osoaren % 20a gainditzen ez badu.
Euskal unibertsitate-sistemaz kanpokoak diren ikertzaileak ikerketa-taldeko kide izan al daitezke?
Ez. Nolanahi ere, taldearen egitekoarekin koherentea bada eta hala justifikatu baldin badaiteke, taldeak kanpo-lankidetzat jo ahalko ditu ikertzaile horiek.
Taldekide gisa zenbatu al daitezke administrazio-laguntzarako langileak eta ikerketa-laguntzarako teknikariak?
Ez.
Nola arrazoitu behar da eskatutako finantzazioa?
Kontuan hartuta deialdi honetan laguntza jaso dezaketen kontzeptu askok beste deialdi askotan ere finantzazioa jaso dezaketela, diru-sarreren eta gastuen aurrekontu oso bat justifikatu eta zehaztu beharko da, proposatutako helburuekin eta jarduera-plangintzarekin koherentea dena, betiere.
Erabil al daiteke bidaia eta dietetara zuzendutako funtsen zati bat doktoregaien edota kanpo-laguntzaileen leku-aldaketak ordaintzeko, horiek taldekide moduan zenbatzen ez badira ere?
Bai, baldin eta ikertzaile-nagusiak ikerketa-taldearen helburuen eta jarduera-plangintzaren barruan behar bezala justifikatzen badu.